miércoles, 1 de junio de 2022

Marko teorikoa




Hezkuntza-jarduera orotan, aniztasunari aurre egiteko bi modu hartu behar dira aintzakotzat: erantzun positiboa, batetik, gizaki guztiok garen bezalakoak izateko dugun eskubidearekin lotua; eta negatiboa, bestetik, bazterketa- eta desberdintasun-egoera ugariren kausa dena. Bi horietan, jakina, baliotsua aniztasun positiboa da, gizaki izateko aukeren ispilu izateaz batera aberastu ere egiten gaituelako. Gizarte-talde guztiak izaten dira anitzak, eta horrek ikasteko eta hobetzeko aukera ematen digu.

Hezkuntza inklusiboan dihardutenek aurrean izaten dituzte beti ikasgeletako aniztasun-adierazpen ugarienak, baina modu bereizian betiere, aniztasunaren bi ifrentzuetako zein nagusitzen den. Izan ere, ikastetxeetakoa ez da gizartean bertan nagusi den aniztasunaren erreprodukzio bat baizik, eta, beraz, hari buruz ikastetxean entzuten diren iritzi eta usteek ere gizartea bera izan ohi dute eredutzat: kultura-aniztasuna, gaitasun-aniztasuna, sexu-joeren aniztasuna, genero-aniztasuna eta baliabide sozio-ekonomikoen aniztasuna.

Desberdintasun- edo bazterketa-egoeraren baten ispilu direnean, aniztasun horietako zenbatek eragiten dien, horiexek izango dira, hain zuzen, kolektibo mehatxatuenak, eta, beraz, hezkuntza inklusiboak haiei eskaini beharko die arreta gehien. Izan ere, aipatutako aniztasun-mota horiek guztiak ardatz nagusi baten inguruan zertu behar dira: justiziarenean, alegia. Herritarren artean islatzen den aniztasun horrekin tentuz jokatu behar da, eta horixe da, hain juxtu, hezkuntza-sistemen erronka handienetako bat. Eta, horretan, jakina, denek hartu behar dute parte: irakasleek, haiena baita aldaketa hau abian jartzeko ardura profesionala, baina baita, haiekin batera, familiek, gizarte-inguruneak eta hezkuntza-administrazioak ere. Irakasleek, ikasleek, familiek eta/edo haien ordezkari legalek, gizarte-eragileek, den-denek hartzen dute parte eskola inklusiboan, denen artean osatzen dute komunitateari zentzua ematen dion sarea, eta denen artean eraikitzen dituzte nork bere burua gizarte eta ikastetxe bereko kide sentitzeko moduko guneak.

Izan ere, ikastetxea bera ere komunitate bihurtu behar da: esperientzia abegikor, aberats eta askotarikoak bizi izateko moduko testuinguru antolatua, alegia, pertsona oro den horretantxe onartu eta tratatuko duena, eta ikasle guztiei eskola-jardueretan parte hartzeko aukera emango diena.

Ahozko komunikazioa edozein adinetan irakatsia izateko uneak eta aukerak dira eskolan, ikasgelan. Hizkuntza ikasgaian ez ezik, edozein arlotan agertzen da modu batean edo bestean ahozko komunikazioa. Eskolan hainbatetan ematen dituzte ikasleek gai baten inguruko azalpenak, ariketaren ebazpena eman dezaten eskatzen diegu, iritzia eman eta partekatzeko, sortzen ditugu egoerak asteburuko gertakizunak kontatzeko... Egoera horiek eraikitzea bezain garrantzitsua da egoera horietan ikasleek ahoz komunikatzeko dituzten gaitasun eta beharrak identifikatzea. Zenbateraino ezagutzen dituzte aurkezpen baten ezaugarriak, badute nahikoa hizkuntza-baliabide iritziak emateko, jendaurrekotasuna kudeatzeko baldintza egokietan jartzen ditugu?... Tailer honetan aztertuko dugu ahozko komunikazioa irakas-gai bihurtzeko zein aukera ditugun eskolan. Aurkeztuko dugu zein diren eskolan ahozkoa lantzeko uneak. Une bakoitzeko aukera metodologikoak ere bai. Sakonduko dugu adibide praktikoetan: ahozkoa lantzeko proposamen didaktikoak eta ikasleen ahozko ekoizpenak plazaratu eta taldean aztertuko dira, baita irakasleen praktika onak ere.

Aurretik aipatu den moduan, inklusioa ekitatean eta elkarbizitzaren sustapenean oinarritu egin behar da; horregatik, ikasgela inklusiboa ere aspektu horietan nabarmendu beharko da. Dena den, bost balore erabakigarri izaten dira nagusi kulturak, politikak eta praktika inklusiboak ezartzerako orduan, bai ikastetxean zein ikasgelaren barruan (López-Vélez, 2018):

· Berdintasuna: ez du adierazten pertsona guztiak berdinak direnik, guztiak balore berdinekin tratatu behar direla baizik.

· Parte hartzea: ikasgela barruko jarduerak parte hartzea sustatu behar dute eta parte hartze horrek ikaskuntzaren helburuetako bat izan beharko da.

· Dibertsitatearekiko errespetua: besteak direnagatik baloratzea, modu justu batez tratatzea eta komunitatean pertsona bakoitzaren kontribuzioa antzematen jakitea.

· Komunitatea: beste hainbat hiritarrekin bizi garela konturatzea eta laguntasuna eta afektuko adiskidetasuna beharrezkoa suertatzen dira.

· Jasangarritasuna: ikasleak hezi behar dira bizitza estilo egokiak sustatuz.

Baina balore hauek aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa suertatzen da ikasgelaren barruan burutzen diren planteamenduan inklusiboak izatea. Hau lortzera heltzeko bertan dauden irakasle zein gainontzeko profesionalek ere bitartekarien papera hartzea eragingo du; honekin batera, ikasle guztiengan dituzten itxaropenak altuak izan beharko dira (Ministerio de Educación, 2006 in López-Vélez, 2018). Izan ere, Duk-ek (2003) aipatzen duen bezalaxe, irakasleek haien ikasleengan itxaropen altuak edukitzea gako garrantzitsua izango da ikasle hauek ikaskuntzan arrakasta lortzerako orduan.

Gelaren antolaketan arreta jartzen badugu, berebiziko nabarmena izango du irakasle bakoitza bere gelako espazioaren jabe bihurtzea. Modu honetan hezkuntza txoko moldagarriak sortzen ahalegindu beharko da; horretarako, ez da gelaren espazioaz soilik baliatu behar, patioa zein pasabideak ere erabili ditzake. Gune hauetan ikasleriari gainontzeko kideez asko ikas dezatela ikusarazi behar dute, era berean, besteen ikaskuntza prozesuan lagundu dezatela hautemanez

García (2008) aipatzen duen bezalaxe, ikasgela inklusibo batean irakasleek oso ondo ezagutu behar dituzte ikasle guztien aukerak eta bakoitzak dituen beharrak. Aldi berean, ikasle bakoitzari bere ikaskuntza prozesua garatzeko beharrezko laguntza eskaini behar zaio. Bestetik, ikasle guztiek burutzen dituzten jardueren zergatia eta haien balioa ezagutu beharko dute, jarduera horietan ikasle guztien parte hartzea sustatzen den heinean. Azkenik, ikasgela inklusiboetan nabarmendu beharreko alderdietako bat ikaskuntza kooperatiboa da, estrategia hau izan baita eraginkortasun handiena adierazi duena.

Ikasgeletan burutzen diren ebaluazioei dagokionez, prozesu kooperatibo bat bezalaxe sortu behar da, zeinetan ikasleak eta irakasleak parte hartzen duten. Ebaluazio honetan besteak beste ikasle bakoitzaren ahalmenak, izan duen bilakaera eta izan duen egokitzapen programa kontuan hartu beharko dira (García, 2008).

Bukatzeko, aipatzekoa da irakaslearen papera kasu hauetan garrantzia handia duela. Bere eginkizuna taldearen arduraduna bezala hiru alderdi ditu: burutzen diren jarduera ezberdinen gidaria izatea, taldearen kohesioa eta inklusioa bermatzea eta azkenik, norbanakoen arduraduna ere izatea (García, 2008).

Eskola inklusiboaren atal hau laburtzeko, alde batetik, goian aipatu den bezalaxe, eskola inklusiboaren asmo nagusienetako bat ikasleek eta irakasleek dibertsitatearen aurrean eroso sentitzea da. Azken finean, eroso sentitzen badira, dibertsitate horri esker hezkuntza aberastea lortuko dute. Bestetik, eskola inklusiboak ezaugarri hauek eduki behar dituela momentu oro kontuan hartu behar da: ikasle guztiak pertsona gisa kontuan hartzea, pertsonak izaten, gauzak egiten, ikasten eta besteekin elkarbizitzen irakasten dien hezkuntza izatea eta harremanak errespetuz eta ekitatez sortzen laguntzen duen hezkuntza izatea.

Haur Hezkuntzako ikasleekin ahozkotasuna lantzeko baliabideak eskaintzea da. Baita ahozkotasunari buruzko informazio eta azalpenak ere. Hala ere, haurrekin ahozko hizkuntza landu nahi duen edozein pertsonak erabili ditzake hemen proposatzen diren ideiak. Ikasleak gustura sentituko diren giro atsegin bat sortzea da gure helburua. Modu honetan, hizkuntza ez da oztopo bat izango eta ekintza desberdinetan parte hartzen duten bitartean ahozkotasuna landuko dugu.

Ikasleekin ahozkotasuna lantzea ezinbesteko egitekoa dugu gaur egungo eskolan. Sekuentzia labur honetan dikzioari eta ahoskatze zuzen eta egokiari lotutako jarduerak proposatzen dira ikasleei erakargarria izan dakiekeen zeregin baten barruan: berek hautatuko dituzten kronikak grabatuko dituzte institutuko edo herriko irratirako, esatari onak kontuan izan behar dituen ezaugarriei erreparatu ondoren.

Laburbilduz, hezkuntza inklusiboak hauxe esan nahi du: ikasle guztientzat kalitatezko hezkuntza bidezko eta justiziazko bat lortzearen aldeko jokabide eta konpromisoa hartzea. Haur eta gazte guztiekin du zerikusia. Haien parte-hartze errealean ardazten da, bai eta balioztatutako emaitzen araberako lorpenetan ere, eta bazterketa-egoera orori egiten dio aurre, sekula amaitutzat jo ezin daitekeen prozesu bat izateaz batera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Marko teorikoa

Hezkuntza-jarduera orotan, aniztasunari aurre egiteko bi modu hartu behar dira aintzakotzat: erantzun positiboa, batetik, gizaki guztiok gar...